XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Horrenbestez, teatro-testuinguruan kokatu behar da euskal teatroaren alderdi eta problematika linguistikoaren azterketa.

Eta, horrez gain, oinarri teorikoa kontutan izateak lagunduko gaitu azterketa hori ikuspegi kritiko eta autokritiko baten gainean finkatzen ere.

3. Teatroa eta hizkuntza

Gaurko teatro-semiotikaren arabera, guztiz argi azaltzen zaizkigu teatroaren egituraren, honen alderdi linguistikoaren, hizkuntzaren eta teatro-lengoaiari dagozkion gainerako elementuen arteko harremanak.

A. Ubersfeld-ek dioenez, teatroa ez da mota literarioa, praktika eszenikoa baizik.

Hemendik datorkio teatro-zeinuari bere konplexutasuna.

Adibidez, teatroan nahastu eta konbinatzen dira: testu mailan, elkarrizketak eta ohar edo akotazio eszenikoak; eta antzezpenean, literarioa eta ez literarioa, indibiduala idazlea eta kolektiboa antzezlariak, zuzendaria, eszenagilea eta, batez ere, ikuslegoa; literatura ez bezala, gizarte-praktika bat da teatroa; iraunkorra, hots, testua, eta iragankorra, antzezpena, konbinatzen dituena, hain zuzen.

Teatroaren konplexutasun horri koherentzia eta zentzu errigoretsuren bat ematerakoan, bereizketa nagusi bat har dezakegu abiapuntutzat: testua eta antzezpena.

Bi alderdi hauen arteko harremanak aztertzerakoan, bi jarrera baztertu beharko genituzke.

Bata da, testua azpimarratu eta pribilegiatzea, teatroaren elementurik nagusien eta erabatekotzat hartuz testua bera.

Kasu honetan, testuaren itzulpen teatrala baizik ez litzateke izango antzezpena: aldez aurretik testuan bertan osaturik eta erabat dagoen zentzua emango litzateke antzezpenaren bitartez.

Testua bere xehetasun eta fidelitate osoz gorde eta errespetatu behar da, testuan bertan argi eta garbi bait legoke teatroaren edo antzeztearen zentzu osoa.

Baina ez da horrela gertatzen.

Badute beren zentzua, testuaz bestalde, antzezpenaren bidez praktikan jartzen diren zeinu-sistema ez-linguistikoek.